Sugeak Txoriari Begiratzen Dionean (EUS) by Bernardo Atxaga

Sugeak Txoriari Begiratzen Dionean (EUS) by Bernardo Atxaga

Author:Bernardo Atxaga
Language: es
Format: mobi
Published: 2011-07-26T22:00:00+00:00


Arratsa heldu eta tenperatura jaisten zenean, neska eta mutil haiek —geldirik egotearekin aspertuta—, Sebastiani ezezagunak zitzaizkion jostaketa batzuei ekiten zieten.

—Goazen fuegotara jokatzera!

Fuegotara jokatzeko bi talde egiten ziren toldopean zeudenen artean. Talde bakoitzak plazaren petril bat hartzen zuen, eta jokuak petril bateko guztiek kontrarioarenera pasatzea lortzen zuten arte irauten zuen.

Ez zen lan erraza, zeren eta bere partea utzi eta bestaldera joaten ahalegintzen zena preso erortzeko arriskuan jartzen baitzen. Norbait preso egiterakoan, harrapariak "ble" esaten zion, eta bere petrileraino eramaten zuen bertan gurutze eginik utziz.

Sebastian ez zuten inoiz gonbidatzen jokora, eta bere edariaren konpainia bakarrarekin joaten zitzaion arratsaldea. Eta, halere, ez zuen toldo txuriurdin haren itzala uzten: plazako bataila hari begira pasatzen zituen orduak.

Nahiz eta bakardadea nozitu behar izan, ez zituen faltan aurkitzen aitona Martinen laguntzaz emandako paseoak, eta aste bete bat nahikoa izan zitzaion mozkortu zen eguneko sugearen eta txantxangorriaren arazo hura memoriatik ia erabat apartatzeko.

Baina Sebastian Bera-ren jokaera hori ulertzeko, maitasunari buruzko hitz batzuk esan beharra dago aurretik.

Gizon edota emakume batek hamalau urte betetzen dituenean, edo apur bat lehenago, edo apur bat beranduago, aldaketa izugarri bat sumatzen du bere baitan. Ordurarte ia ez du izenik eduki, edo eduki du baina ez da konturatu izen horrek seinalatzen duen diferentziaz, eta nahastuta bizi da, eta bere ingurukoekin ahalik eta berdintasun gehien edukitzea desio du. Sofrimendua datorkio, esate baterako, eskolako kideek bakarrik uzten badute, edo ez bazaio, auzoan bizi direnen artean, lagunik azaltzen.

Baina egun batean, bere gogo eta nahiek ehun eta laurogei graduko jira ematen dute: bat-batean bere izenaz ohartzen da, nola partikularra eta berezia den, nola berdinik ez daukan. Bat-batean, bere izena idazteko modu baten bila hasten da. Bere sinadura —garabato hori—, bere bizitzako eginbeharrik printzipalena bihurtzen zaio. Sinadura edonolakoa izan daiteke, baldin eta munduko beste sinadura guztiekin antzik ez badauka. Izan ere, bera bakarra da, eta lumarekin egiten dituen arrastoek bakartasun horren lekuko eta ispilu behar dute izan.

Behin sinadura aurkituta, hamalau urteko gizon edota emakume hori Robinson Crusoe bezala sentitzen da: Zer da mundua? Bada, irla huts bat, eta berak antolatu egin beharra dauka bizitza gauza ttikienetatik hasi eta haundienekin bukatu arte. Eta hori bere indarren poderio hutsez, berak bakarrik. Proiektuak egiten ditu, beraz, eta —koaderno baten laguntzaz sarritan— bere etorkizun guztia planeatzen hasten da: nolakoa izango den, zein lan izango dituen, non bizitzea gustatuko litzaiokeen.

Baina, hala eta guztiz ere, hamalau urteko gizon edo emakume horren apartamentua ilusio bat besterik ez da, iluntasunean piztu bezala itzali egiten den argi dardarti bat. Azken finean ez da bakardaderako jaio; azken finean, denok berdin xamarrak gara. Eta horregatik, apartamentu hori ilusio bat delako, hamalau urteko gizon edo emakumea enamoratu egiten da.



Download



Copyright Disclaimer:
This site does not store any files on its server. We only index and link to content provided by other sites. Please contact the content providers to delete copyright contents if any and email us, we'll remove relevant links or contents immediately.